2025-12-18
Asteazkenean, abenduak 17, Zabiel kultur etxean KLIK MUTRIKU komunitate energetikoaren aurkezpen hitzaldia egin zen, eta herritar ugari batu ziren bertan. Mutrikuarrek interes handia erakutsi dute martxan jarri den egitasmoan parte hartzeko, besteak beste, gutxiago eta hobeto nola kontsumitu ikasteko eta, beraz, fakturak murrizteko, bai eta herrian jarriko diren plaka fotovoltaikoetatik kontsumitzeko ere. Bazkide egiteko epea irekita dago urtarrilaren 17ra arte, turismo bulegoan izena emanda edo, bestela, labur.eus/NikEreKlik estekan dagoen formularioa beteta.

Hitzaldian, KLIK MUTRIKUk martxan jarritako hainbat ekimen azaldu zituzten taldeko kideek, besteak beste, Anaiarte biltokiko herritarrei fakturak ulertzen eta horiek merkatzen laguntzeko zerbitzua. Taldekideen asmoa da jubilatuei zerbitzu hori eskaintzea, bai eta kooperatibaren partaide izatea erabakitzen duten bazkideei ere. Horrela, herriko kontsumoa murriztea lortu nahi dute, inolako inbertsiorik egiten hasi aurretik.
Energia-sorkuntzara bideratutako proiektuei dagokienez, ikastolako beheko jolaslekuko estalkian 40 kilowatteko instalazio fotovoltaikoa instalatuko da. Horren baitara 100 bazkide kontsumitzaile batzea aurreikusten da, eta bazkide horiek 2 kilometro barruko distantzian bizi beharko dute. Pobrezia energetikoa pairatzen duten herritarrei laguntzeko helburua beteaz, 10 bazkide egoera zaurgarrian daudenak izango dira, eta plaza horiek udaleko gizarte zerbitzuaren bidez esleituko dira. Gainontzean, eskaerak plazak baino gehiago badira, zozketa bidez erabakiko da zeintzuk kontsumituko duten plaketatik.
Proiektua gauzatzeko beharrezkoa den instalazioa Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du eta udal titulartasunekoa izango da. Datozen egunotan, ordea, KLIKeko partaideek udalarekin instalazio horren lagapenerako hitzarmena sinatuko dute. Hitzarmen hori azaroko ohiko osoko bilkuran aho batez onartu zuen Udalak, eta Udala bera ere bazkide kontsumitzaile izatea erabaki zen.
Lehen instalazioa dohainik atera bada ere, KLIKeko partaideek datozen urteetan instalazio gehiago egiteko asmoa dute, autokontsumo kolektiboaren bidez inbertsioa modu kolektiboan eginda eta argindarra ekoiztea, autokontsumoa bultzatzea eta argindar soberakinak minimizatzea helburu hartuta.
Bazkidetzari dagokionez, hainbat izaerako bazkideek osa dezakete komunitatea, hau da, pertsona fisikoek, erakunde publikoek, irabazi asmorik gabeko erakundeek eta irabazi asmodunek. Izaeraren arabera, kooperatibara sartzeko ekarpen ezberdina egin beharko dute bazkideek. Ekarpen hori behin bakarrik egingo da eta taldea uztea erabakiz gero, bueltan jasoko da. Horrez gain, bazkideei urtero kuota bat kobratuko zaie eta hori kooperatiba utziz gero, ez da berreskuratuko.
| EKARPENAK | Bazkide kontsumitzaileak | Bazkide laguntzaileak |
|---|---|---|
| Pertsona fisikoa | 50 € | 20 € |
| Irabazi asmo gabeko erakundea | 100€ | 100€ |
| Irabazi asmoko erakundea | 250€ | 250€ |
| Administrazio publikoa | 1.000€ | 1.000€ |
| KUOTAK | Bazkide kontsumitzaileak eta laguntzaileak |
|---|---|
| Pertsona fisikoa | 20 € |
| Irabazi asmo gabeko erakundea | 50 € |
| Irabazi asmoko erakundea | 50 € |
| Administrazio publikoa | 100 € |
Hitzaldian azaldu zen moduan, bazkide egiteko izen ematea zabalik dago urtarrilaren 17ra arte. Izena emateko orriak turismo bulegoan daude eskuragarri. Online izena emateko, labur.eus/NikEreKlik helbidean dagoen formularioa bete daiteke.