Gure izenak dioen moduan, gure helburua da Mutrikuarron buruan “klik egitea” guztiok ere energia kontuak beste era batera ikus ditzagun.
Hau lortzeko, hainbat ideia dauzkagu.
Energia kontsumoari buruzko gogoeta
Pentsatzen degu herrian gogoeta bat bultzatu behar dela honen inguruan.
Kontua ez da bakarrik bertan kontsumitzen dena bertan sortutakoa izatea, edo kontsumo egokia egiten ikasten degulako faktura merketzea. Hortaz gain, gutxiago eta hobeto kontsumitu beharko genuela ere azpimarratu nahiko genuke.
Krisi ekologikoari aurre egitea
Kutsadura eta larrialdi klimatikoaren aurrean trantsizio energetikoa sustatzen duen kooperatiba gara. Guk eskaintzen dugun energia baliabide naturalak erabiliz ekoitzitakoa da, eta 100% berriztagarria da.
Tokiko ekonomia sustatzea
Energiaren sektorean jarduera ekonomiko berriak sortzeko aukerak eskaintzen ditu. Horrez gain, herriko bizilagun eta enpresen bideragarritasun ekonomikoa indartzen du, energiaren prezioa gutxitu egiten baitu.
Kolektibo zaurgarriei laguntza berezia eskeiniko diegu
Zoritxarrez herrian badauzkagu pobrezia energetiko egoeran dauden herritarrak, edo/eta egoera honetan egon gabe, beraien diru sarreren zati oso handia energia ordaintzeko erabiltzen dutenak.
Mutrikun energia sortu, Mutrikun kontsumitzeko
Energia proiektu berriak sortu eta hauen bidez sortuko den energia Mutrikun bertan kontsumitzea da gure helburu nagusietako bat. Horretarako, energia instalazio berriak bultzatuko ditugu eta Mutrikuarrei bertatik kontsumitzeko aukera eman nahi diegu.
Guk bultzatutako energia instalazioetan parte hartzeko, komunitateko bazkide kontsumitzaile egin beharko zara.
Energia bezala, tresna etikoen erabilera lehenetsiko degu
Energia berriztagarriaren alde egiten dugun moduan, etikoak diren komunikazio teknologien aldeko apustua egiten dugu. Software librea eta Europan kokatuak dauden zerbitzuak erabiliz, gure datuen pribatutasuna bermatuko duten soluzioak erabiltzen ditugu.
Ezin degu ahaztu gure inguruan erabiltzen diren komunikazio teknologiak estatu batuetako enpresa gutxi batzuen eskuetan daudela, eta sarritan frogatuta geratu dela erabiltzaileon kalterako erabiltzen dituztela hortik uztiatzen dituzten gure datuak.
LGTBI+ kolektiboen eskubideak ez babesteaz gain, nerabeentzako toxikoak diren tresnak bihurtu dira, hainbat kasuetan dependentzia eta suizidiora bideratzen dituztelarik.
Hau dela eta, gure jardunean tresna etikoak eta software librean oinarritutakoak erabiliko ditugu.