Sare sozial libre eta etikoak erabiltzen ditugu

Ohiko galderak

Energia komunitatearen kontzeptua berria da guztiontzat, beraz ondoren sarritan azaltzen diren galderak erantzutzen saiatuko gera.

Zer da eta zeintzuk osatzen dute Klik Mutriku Energia Kooperatiba ?

Klik Mutriku S.Koop. irabazi asmorik gabeko kooperatiba herritar bat da.

Energia Berriztagarrien Komunitatea borondatezko partaidetzan oinarritutako kooperatiba da, herritarrek eta herriko eragileek (udala, kultura eta kirol elkarteak, ikastetxeak, merkatariak, ostalariak, enpresak, autonomoak … ) osatua.

Gure helburuen artean hauek daude:

  • Energia berriztagarriak sustatzea
  • Autokontsumoa handitzea
  • Energia-gaietan herritarrak heztea
  • Energia fakturak hobeto ulertu eta gastua gutxitzen laguntzea

image

Nundik dator “Klik” izena ?

Pentsatzen degulako Mutrikun ere energia kontuetan klik bat egin behar degula, eta energia beste era batera kontsumitzen eta sortzen hasi.

Zergatik kooperatiba ?

Erakunde juridikorik demokratikoena eta parte-hartzaileena delako. Kontsumoko eta zerbitzuetako kooperatiba bat da, eta kontsumitzaileek dute pisurik handiena, Batzar Orokorrean bazkide bakoitzak boto bana baitu.

Batzarrean onartuko dira modu demokratikoan, zein proiektu bultzatu, nola gauzatuko diren, eta proiektuan parte hartzeko zein irizpide paratuko diren.

Zeintzuk dira autokontsumo kolektiboaren abantailak ?

Autokontsumo kolektiboaren kasuan, inbertsioa modu kolektiboan egiten da (eguzki-plakak), eta Energia Berriztagarrien Komunitatea arduratuko da haien instalazioaz eta mantenimenduaz.

Gainera, ez da beharrezkoa instalazioa norberaren teilatuan jartzea, eta horrek, baldintzarik onenak ez dituztenek ere tokian sortutako energia kontsumitzea ahalbidetzen du.

Komunitatea bera arduratuko da proiektua egiteaz, gauzatzeaz, finantzatzeaz, eta parte-hartzaileak proiektuan duen partaidetza-kuotaren zatia besterik ez du ordainduko.

Zenbat kostako da kooperatibako bazkide izatea?

Hasieran egin beharreko nahitaezko ekarpena bazkide motaren araberakoa da:

  • Bazkide kontsumitzaileak:

    • Pertsona fisikoak: berrogeita hamar euro (50€).

    • Pertsona juridikoak:

      • Administrazio Publikoa: mila euro (1.000€).
      • Irabazi asmoko erakundeak: berrehun eta berrogeita hamar euro (250€).
      • Irabazi asmorik gabeko erakundeak: ehun euro (100€).
  • Bazkide laguntzaileak:

    • Pertsona fisikoak: hogei euro (20€).

    • Pertsona juridikoak:

      • Administrazio Publikoa: mila euro (1.000€).
      • Irabazi asmoko erakundeak: berrehun eta berrogeita hamar euro (250€).
      • Irabazi asmorik gabeko erakundeak: ehun euro (100€).

Bazkide laguntzaile izaera izan duen bazkide batek bazkide kontsumitzaile izatera pasatzen denean, aurrez egin zuen ekarpena kontutan hartuko zaio. Hau da, pertsona fisiko batek 20€ko ekarpena egin bazuen bazkide laguntzaile izateko, kontsumitzaile izatera pasatzen denean beste 30€ko ekarpena eginez 50€tako ekarpenera helduko litzateke.

Nor izan daiteke kooperatibako bazkide ?

Pertsona fisiko eta juridikoak. Hau da, bertako herritarrak, enpresak eta entitateak.

Parte hartu dezaket erabakietan ?

Noski, energia komunitatearen ateak zabalik daude parte hartu nahi duten herritar guztientzako. Ez da energian aditua izan behar parte hartzeko, gogoa eta ekimena nahikoa dira.

Zer gertatzen da kooperatiba uztea erabakitzen badut ?

Bazkideek edozein momentutan utz dezakete kooperatiba, eta baja gauzatzeko momentura arte egin dituzten ekarpen ekonomikoak bueltan jasotzeko eskubidea dute. Kooperatibak baloratuko du itzulketa horretarako funtsen erabilgarritasuna, eta une horretan ez badu, itzultzeko epea ezarriko du eta bazkideari jakinaraziko dio.

Zer egingo da kooperatibaren irabaziekin halakorik balego ?

Irabazi asmorik gabekoa denez, kooperatibak ez du jardueren mozkinik banatuko bazkideen artean. Irabaziak kooperatibara itzuliko dira, bazkideek erabakitako ekimenetan berrinbertitzeko.

Kooperatibak galerak baditu, horiei erantzun behar diet ?

Ez. Bazkideek ez diete pertsonalki erantzuten sozietatearen zorrei. Erantzunkizun bakarra norberak kapital sozialari egindako ekarpena izango da.

Zer dira ekarpenak eta nola funtzionatzen dute ?

Pertsonek kooperatibari ematen dioten diru-kopurua dira, eta bi motatakoak izan daitezke: nahitaezkoak eta borondatezkoak.

  • Nahitaezkoak dira kooperatibako bazkide izateko eta betebehar sozialei erantzuteko ematen direnak.
  • Borondatezko ekarpenen helburua da kooperatibaren proiektuak eta bestelako beharrak babestea, eta haien zenbatekoa aldatu egiten da bazkide bakoitzak egin nahi duenaren arabera.

Ekarpenak egiteak zer ahalbidetuko digu ?

Ekarpenen bidez, kooperatibaren helburuak betetzeko proiektuak gauzatu ahal izango ditugu.

Bazkide izateko egindako diru ekarpena berreskura dezaket ?

Bai. Kooperatiba uzten baduzu, baja-egunean zure ekarpenek duten balioa berreskuratuko duzu. Ekarpen horiek kooperatibak bazkidearekin duen zortzat hartzen dira.

Proiektu bati laguntzeko egindako ekarpena erreklama dezaket ?

Bai, proiektu bati laguntzeko egindako diru-ekarpena nahi duzunean erreklama dezakezu.

Argindar hornitzailea aldatu behar dut Klik Mutriku energia kooperatibarekin kontsumitzeko edo bazkide izateko ?

Ez. Zure betiko argindar hornitzailearekin jarraitu dezakezu. Hark fakturatuko dizu. Klik Mutriku energia kooperatiba ez da merkaturatzaile bat. Gure egitekoa energia sortzea izango da.

Klik Mutriku energia kooperatibak etorkizunean egingo dituen inbertsioen onurak zure argindar-fakturan ikusi ahal izango dituzu, baina orduan ere, zure merkaturatzaileak fakturatuko dizu.

Klik Mutriku energia kooperatibak sare sozial arraroak erabiltzen ditu, zer dira ?

Ohituak gaude Google (Drive, Youtube, Chrome), Meta (Facebook, Instagram eta Whatsapp-en) enpresen produktuak eta sare sozialak erabiltzen, enpresa hauek hauek izan zirelako mota hauetako produktuak ateratzen lehenak, eta mundu mailako merkatuaren jabe egin ziren, oligopolio teknologikoa sortuz.

Sare sozial hauetan ez dira printzipio etikoak errespetatzen, ezta ere erabiltzaileon pribatutasuna. Hainbat ikerketek azaleratu dutenez, erabiltzaileengan sortzen ari diren kalteen jakitun izan arren, erabiltzaileon ongi-izatearen gainetik beraien mozkinak jartzen dituzte.

Guk erabiltzen ditugun sare sozialak eta tresna digitalak pribatutasuna eta balore etikoak errespetatzeaz gain, subirautza teknologikoaren bidean doaz. Tresna hauetan ez dago gure datuak xurgatu eta bere interesen arabera eduki zehatz (eta sarritan kaltegarri) batera bideratuko gaituen algortimo bat.

Hauek dira erabiliko ditugun tresnak:

  • Mastodon.eus : Twitter/X-en ordezkoa
  • Peertube.eus : Youtube-ren ordezkoa
  • Pixelfed.eus : Instagram-en ordezkoa
  • Balefunk.eus: Podcast (audio fitxategiak)
  • Telegram kanala
  • Nextcloud: Tale eragileak barne kudeaketarako, dokumentazioa gordetzeko, eta lan kolaboratiborako.

Tresna hauek erabiltzera animatzen zaituztegu.


Zure zalantzaren bati erantzunik ez badiozu aurkitu, jarri zaitez gurekin harremanetan formularioan zure galdera zein den azalduz, eta ahalik eta azkarren erantzutzen saiatuko gera.